XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orain arteko gure kontsiderazio guztiari dagokionez ondorengo hau ere oso kontuan hartzekoa da.

Horretan ez gara ez objektutik ez subjektutik abiatu, errepresentaziotik baizik, zeinek bi horiek bere baitan baitauzka eta suposatzen baititu, ezen objektu eta subjektu gisa banatzea bere forma lehen, orokorren eta esentzialena baitu.

Forma hori horrelakoa den heinean, beraz, aurrena kontsideratu dugu, gero (gai nagusiari dagokionez sarrerako tratatura igorriz) horien mendeko beste formak aztertuko ditugu, denbora, espazioa eta kausalitatea, zeinak objektuari bakarrik baitagozkio;

baina horiek objektuari horrelako den heinean esentzial baitzaizkio, aldiz, subjektuari horrelako den heinean objektua esentzial baitzaio, subjektutik abiatuz aurki litezke haiek, h. d. a priori ezagut daitezke, eta horri dagokionez bien muga komunak begizta daitezke.

Hala ere, horiek guztiak esamolde komun batera, arrazoiaren printzipiora murritz daitezke, sarrerako tratatuan xeheki erakutsi denez.

Metodo honek bereizten du, alabaina, gure kontsiderazio-mota hau erabat orain arte sekula bilaturiko filosofietatik, zeinak objektutik edo subjektutik abiatzen baitziren eta ondoren bata bestetik azaltzen saiatzen baitziren, eta arrazoiaren printzipioaren arabera noski, zeinaren nagusitasunetik, aitzitik, guk objektua hari eta subjektuaren arteko harremana jaregiten baitugu, objektua bakarrik utzirik.

- Baliteke emandako oposizio horretan ez ulertua izatea gure egunotan sortu den eta orokorrean ezaguna bihurtu den identitate-filosofia, ez objektua eta ez subjektua propioki bere lehen abiagune bihurtzen ez dituena, baizik hirugarren bat, arrazoimen-begiespenaren bitartez ezagugarria den absolutua, zeina ez baita ez objektu eta ez subjektu, baizik eta bien identitatea (Einerleiheit) dena.

Nahiz eta nik, arrazoimen-begiespen ororen gabezia osoz, aipaturiko batasun ohoretsuaz eta absolutuaz hitz egitera ez nukeen ausartu behar; hala ere, arrazoimen-begieslearen protokoloetan guztioi, guri profanooi ere zabalik gelditzen zazkigunetan oina ezartzen dudalarik, oharrarazi beharra daukat aipaturiko filosofia ez dagoela goian ezarritako oposizioaren bi akatsetatik salbuesterik:

zeren subjektua eta objektuaren identitatea gora-behera, ez pentsatu, baizik intelektualki begietsi edo hartan murgiltze propioz esperimentatu ahal omen dena, guztiarekin ere ezin ditu bi akats kontrajarri horiek ekidin; aitzitik, areago, biak bere baitan bateratzen ditu